AURKEZPENA
Maiatzean, Giordanoren Andrea Chénier tragedia veristak emango dio amaiera denboraldiari. Ezinbesteko opera da, melodia hunkigarriz eta zirraragarriz betetako obra indartsu eta dramatikoa, aria oso ezagunak dituena, «La mamma morta», kasurako. 2026an, 130 urte beteko dira Milango Teatro alla Scalan estreinatu zenetik, eta 73 urte ABAOn estreinatu zenetik, Coliseo Albian.
Giro historikoz bildutako drama honek, afera sozialetan murgiltzen denak, gorrotoa, indarkeria, gerra zibila, erresuminak, klaseen arteko borroka, maitasuna eta erromantzea ditu hizpide, Frantziako Iraultzaren esparruan, André Chénier poetaren bizitzaren eta heriotzaren interpretazio sortzailea eginez.
Doinu zirraragarri, hunkigarri eta jariakorrez betetako opera honetarako, ABAOk goi-mailako abeslariak bilduko ditu: Michael Fabiano tenor amerikarra, Bilbora pertsonaia nagusia antzezteko itzuliko dena; Saioa Hernández soprano miresgarria, ABAOn Maddalena di Coigny jokatuz debutatuko duena; eta, hirukote protagonista osatzeko, Juan Jesús Rodríguez baritono dramatikoa, Carlo Gérard pertsonaiaren azalean.
Musika Guillermo García Calvo zuzendariaren esku egongo da, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzenduz ahalik eta etekinik handiena aterako dio melodia zabalez, pasarte deklamatorioz eta eraginkortasun handiko eszenaz osatutako partiturari.
Oholtzan, ABAO Bilbao Operaren eta Peraladako Jaialdiaren koprodukzioa, Alfonso Romerok sortua. Eszenografia zaindu eta dotorea Frantziako Iraultzan girotuta dago, eta gatazka hartako gordintasuna erabat islatzen du. Jauregiko aretoek, espetxeek eta auzitegiek eremu sinbolikoaren eta efektistaren artean dabiltzan mezuak zabaltzen dituzte.
FITXA ARTISTIKOA
ANTZEZLEAK
- Andrea Chénier
- Maddalena di Coigny
- Carlo Gérard
- La Contessa di Coigny / Madelon
- La mulatta Bersi
- Roucher
- Un incredibile / L'abate
- Il sanculotto Mathieu
- Pietro Fléville / Fouquier Tinville
- Schmidt / Dumas / Il maestro di casa
TALDE ARTISTIKOA
- Director Musical
- Dirección De Escena
- Orquesta
- Director Del Coro
MULTIMEDIA
AUDIO
SINOPSIA
I. koadroa
Coignyko gaztelua. 1789ko neguko arratsalde bat.
Zerbitzariak hara eta hona dabiltza festa baterako prestaketak egiten. Frantziako Iraultza ate joka badago ere, nobleziak lasai asko jarraitzen du bere bizimodua egiten. Gérard morroia, entziklopedistak irakurtzen harrapatu dutena, negutegia apaintzera behartu dute bere nagusiek, gaueko ekitaldirako prest egon dadin. Zerbitzatzen duen familia eta, oro har, aristokrazia osoa biziki gorrotatzen badu ere, Maddalena kondesarekin maiteminduta dago ezkutuan.
Jaia goiz hasi da, gonbidatuak iristeaz batera; besteak beste, Andrea Chénier poeta, etorkizun oparoko idazle gisa aurkeztua. Halere, Maddalenaren lehen kritikak jasoko ditu, ez dituelako modan dauden olerkiak idazten. Kondesak bere bertsoetako batzuk errezitatuz gonbidatuak entretenitzeko eskatuko dio eta poetak, hasieran nahi ez arren, maitasuna defendatzeari ekingo dio, bereziki patriotikoa; gainera, aristokraten ohiturak salatuko ditu, herrialdea hondamendira daramatelako.
Chénierrek, Maddalenaren gaztetasunak zeharo liluratuta, amodioaren sentimendu noblea errespetatzera gonbidatuko du, gizarteak orain mespretxatu egiten duen hori. Kondesak, Chénierren hitzekin txundituta, barkamena eskatuko dio. Jaialdi hasi berria eskale-talde batek etengo du, Gérardek sartzen utzi ondoren. Hori dela eta, kondesak errieta egingo dio, eta morroiak independentzia harroari buruzko hitzaldia bota eta librea gorrotatua soinetik kenduko du. Nobleak, bere gonbidatuei barkamena eskatu ondoren, dantzaldiarekin jarraitzera gonbidatuko ditu. Festa berriz hasiko da.
II. koadroa
Paris, 1794ko ekaina, Izualdi betean.
Andrea Chénier bakarrik dago kafetegi batean eserita, Roucher adiskidearen zain, zeina lortu dion pasaporte batekin agertuko den. Izan ere, poetaren bizitza arriskuan dago: gobernu iraultzailearen jomuga bihurtuta, etengabe dabilkio atzetik “Incredibile” bat, Gérardek, orain buruzagietako bat izanik, edonora jarrai diezaion ezarritako nolabaiteko espioia. Roucherrek pasaportea erabiltzeko diotso Chénierri, baina poeta zalantzan dago, ziur dagoelako bere patua maitasun-istorio aparta bizitzea dela: emakume ezezagun baten eskutitz asko jaso omen ditu. Lagunak zinismoz erantzun eta gutunak tranpa bat izan litezkeela gogoraraziko dio; Chénierrek, gogoz kontra, ospa egitea onartuko du. Bien arteko elkarrizketa paretik igarotzen ari den iraultzaile-talde bati begira daudela garatzen da; iraultzaileen artean, Gérard dago. Ilunabar aldera, zubi batetik gertu, andre gazte bat agertuko da jostun xumeak bezala jantzita: Maddalena di Coigny da. Chénierrek ez du berehala ezagutuko, kondesa dagoeneko ez delako garai bateko gaztea eta orduan zuen izaera harroa erabat desagertu delako.
Maddalenak gutunak idatzi dituen emakume misteriotsua dela onartu eta babes dezala eskatuko dio Chénierri: orain, bakarrik dago munduan, eta bere burua poetaren errukiaren mende utziko du. Elkar maite dutela adieraziko dute, baina idilioa laster etengo du Gérardek, “Incredibile”ak ohartarazita eta oraindik Maddalenarekin maiteminduta Chénierri dueluan borrokatzeko erronka eginez. Maddalena ihesi doan bitartean, poetak larriki zaurituko du etsaia, eta hark, Maddalenari dion maitasunagatik, maite duen emakumearekin ihes egitea aholkatuko dio, iraultzaileek harrapa ez dezaten. Gero, laguntzera etorri zaizkienei zauritu duen gizona ez duela ezagutzen esango die.
III. koadroa
Auzitegi Iraultzailearen barrualdea.
Frantziak dirua eta soldaduak behar dituenez gerrako gastuei aurre egiteko, Gérard, dagoeneko sendatuta, jendea bakoitzak ahal duena eman dezan konbentzitzen saiatzen ari da. Herriko andre zahar itsu batek, Madelon izenekoak, bere biloba bakarra ere, hamabost urtekoa, eskainiko dio aberriari.“Incredibile”ak, Gérard eta biak bakarrik daudenean, Chénierren aurkako salaketa lehenbailehen jartzea aholkatuko dio. Gérardek, ordea, zalantzati dirudi: bere barnean giza errukia, salaketa faltsua mespretxagarritzat jotzera bultzatzen duena, eta pasio berekoia lehia bizian daude. Hala ere, azkenean, bigarren sentimendua nagusituko da. Une horretan, Maddalena dator behiala morroi izan zuenari bere maitearen askapena lortzen lagun diezaion eskatzera, baina Gérardek, emakumeak beragatik sentitzen duena jakin gabe, geldiarazi egingo du eta bera berriz ikusi ahal izateko helburu bakarraz erabili duela Chénier aitortuko dio.
Maddalenak bere burua eskainiko dio poetaren salbazioaren truke, eta Iraultza hasi zenetik bere familiari eragindako zorigaitzak aletzen hasiko da. Une horretantxe erabakiko du Gérardek, emakumearen maitasunak eta pairatutako sufrimenduek hunkituta, Chénierren aurkako salaketan atzera egitea, Auzitegi Iraultzaileak aske utz dezan. Alabaina, planak ez dira espero bezala aterako eta, Gérarden testigantza eta poetaren erregu hunkigarria gorabehera, Chénier heriotzara kondenatuko dute. Maddalena, jende-mordoaren artean, negarrez dago desesperatuta.
IV. koadroa
San Lazzaroko espetxean, exekuzioaren aurreko gauean, Chénier, Roucher adiskidearen laguntzarekin, hil aurreko bere azken bertsoak idazten ari da. Roucher joan ondoren, atea joko dute: Maddalena da; zaindariak erosteko Gérarden laguntza jasota, bere maitearekin azken aldiz egoteko baimena lortu du.
Elkarrekin daude azkenean, eta Gérard, negarrez, Robespierrek in extremis esku har dezan lortzen saiatzeko aterako da. Egunsentian, Maddalenak preso baten lekua hartu, eta baimena hari emango dio. Lasai doa heriotzarantz gainerako kondenatuekin batera, maite duen gizonaren ondoan. Gurdira igotzen direnean, Maddalentak eta Chénierrek “Gora heriotza elkarrekin!” abestuko dute. Txoko batean, Gérard zeharo saminduta dago negarrez eskuan Robespierren oharra estutu bitartean: “Platonek berak ere kanporatu zituen poetak bere Errepublikatik”.

























































